XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskal eleberrigintzaren lehen zutabeak. Ana Mª Toledo.

P. Altuna irakasleak lehen euskal idazleari eskainitako azterketa xehe eta zabala omenduaz, lehen euskal eleberrigilearen eleberrigintza hartuko dugu gaitzat ondoko lerro hauetan.

Nahiz bata nahiz bestea iraganaren oihartzunak ditugu, baina Pizkunde garaia lehenaldi hurbilak ordezkatuko du eta hari buruzko analisi-lana honi buruzko sintesi-lanak, honako gure honetan.

Lehenaldi hurbil honetan lekutuz, eleberriak bere sorreran hartzen duen itxuratze-moduaz eta berarekin ezartzen diren harreman-moduez argitasunen bat eskaini nahian gatoz, gure historiaren ehotze-moldeak hobetoxeago ezagut ditzagun.

Inguruko literatura handien aldean, gertaera berezi samarraren taxua ematen diote zenbait egiaztapenek: hala nola sorrera honen berankortasunak, ahozko tradizioak gurean duen pisuak, datu soziolinguistikoak, hizkuntzaren egoerak....

Eta gertaera literario hau inguratu ez-ezik bere taxutze-moduan ere eragin zezaketen faktoreak ekarriko ditugu bertara.

Planteamendu honen bidez, Agirreren eleberrigintza sortzen deneko lur horretan kokatuz eta bere lehenaldiaren argitan planteatuz, zentzuzkoa eta baliozkoa dirudi honelako erlazio-sistema baten barnean aurkeztea: Agirrek testu-tipo bati, eleberriari hain zuzen ere, leku egitea bilatzen du euskal literaturaren har bedi zentzu zabalean sistemaren barnean.

Elementu berri bat sartzen du egituratze-modu bat zuen sisteman; toki bila dabil modu batean banaturik zegoen esparruan.

Tarte-bilaketa zail eta neketsu batean sartzen da Agirre.